Parte-hartze prozesua

Proiektu honen xedea herritarren parte-hartzean oinarria duen eta Arakilgo egoera eta beharrak ezagutzeko balio izan duen diagnostikoa egiteko partaidetza prozesua diseinatzea eta garatzea da.

Hausnarketa-prozesu honek bailara-ereduaren inguruko gogoeta partekatua bideratu eta etorkizunerako erronkak identifikatzeko abiapuntua ezarri du.

HELBURU ZEHATZAK

– Herritarrak ahaldundu eta inplikatzea Arakilen intereseko gaien inguruko diagnostiko partekatua egin eta beharren irtenbidea elkarrekin bilatzeko

– Bailara-ereduaren inguruan hausnartzen hasi eta herritarrek bailararekiko atxikimendua indartzeko urratsak ematea

– Belaunaldien arteko elkarlana sustatzea

– Herritarren partaidetzaren aldeko heziketa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta komunikazioa bideratzea

EKINTZAK

  • Galdetegiaren publikazioa eta emaitzen hustuketa: Guztira 323 galdetegi jaso dira, 94 idatziz eta 229 online formatuan (Forms galdetegi bitartez). Hala ere, aipatu behar da, 323 galdetegi horietatik, 30 Arakil bizi ez diren pertsonenak direla. Talde eragilean garbi ikusi zen herrian erroldatuta daudenei aukera eskaintzeaz gain, herrira etortzen direnei ere eman behar zitzaiela. Datuak bere osotasunean hartzen baldin baditugu, herritarren %38 da. Talde eragilean jarritako helburua bete egin da, 300 inkesta lortzera iritsi nahi zen eta hori gainditu egin da. Horretan eragin zuzena izan du herri guztietara zabaldutako bideo laburrak eta talde eragileko partaideek egindako lanak. Galdetegiaren hustuketa txostena eskuragarri dago orrialde honen beheko zatian deskargatzeko, Parte hartze prozesua.

  • Talde eragilearen barne bilerak eta prozesu parte hartzailea: galdetegiaren emaitzak aztertu ondoren, hustuketak bi jarraibide eman ditu, etxebizitza beharrak asetzea eta balio anitzeko gela baten sorrera. Lehentasunak ezartze aldera, talde eragilea etxebizitza beharrean murgildu da geroztik, hainbat ekintza eta jardunaldi antolatuz. 2021ean etxebizitza eredu ezberdinen inguruko jardunaldiak eta parte hartze prozesua egin ziren Hiriberrin eta Izurdiagan, gaian sakontzeko interesdunak identifikatuz eta ikuspegi komunitarioa bultzatuz.
  • Hiriberrin jardunaldi berri bat antolatu da berriki Sakanako Garapen Agentzia eta beste hainbat erakunderen koordinazioan. Etxebizitza ardatz, Katalunia eta beste lurralde batzuetan abiatutako etxebizitza komunitarioen nondik norakoak ezagutu eta Arakilgo aukerak zeintzuk diren definitu dira (lursailen erosketa, zaharberritzea…). Link honetan klik eginez gero, jardunaldiaren bideoa ikusteko aukera izango duzu: Albisteak – Sakana Garapen Agentzia (sakanagaratzen.com)

Prozesua luzea eta etengabea da, erabateko aldaketan dabilen gizartearen moduan, horregatik, gaia jorratzen jarraituko dugu, ARAKIL BIZIRIK mantentzeko.