ONDAREA

Irin-errotak, burdinolak eta zentral hidroelektrikoak.

Arakil ibaiaren aprobetxamendu hidraulikoa antzinatik dator, batez ere irin-makinak eta burdinolak mugitzeko erabiltzen baitzen bertako ura; gerora, XIX. eta XX. mendeetan, horietako asko zentral hidroelektriko txiki bihurtu dira.

Arakil haranean burdinola bat eta lau irin-errota historiko jarri ziren, sei zentral hidroelektriko ustiatzeko kontzesioak ematea ekarri zutenak.

Etxeberriren eta Irurtzunen arteko mugan, Astigarria dermioan, —gerora Burdinola izena eman zitzaion—, 1846an burdina eraldatzeko asmamen hidrauliko bat eraiki zen.

Gutxi iraun zuen burdinola gisa, “Central Harinera Nuestra Señora del Carmen” izeneko irin-fabrika izatera pasa baitzen handik gutxira. Ondoren, toki hartan elektrizitatea ekoizteko bi kontzesio jarri ziren abian: Larraungo Zentral Hidroelektrikoa eta Bi Ahizpetako Pasabidea izeneko zentrala.

Etxarrenen, Oianzabal inguruan, errota zahar baten hondakinak daude. 1948an, errota hura zentral bihurtu zen, Electra Etxarren izeneko kontzesiopean.

Era berean, beste errota zahar baten gainean, Satrustegiko Errotaburu parajean, beste zentral hidroelektriko txiki bat jarri zuten, hasiera batean Kontzejuko Elektra izenez ezaguna. Gaur egun martxan jarraitzen du.

Izurdiagako Ixurmendi parajean ere irin-errota bat egon zen. 1918an funtzionatzen jarraitzen zuen, eta, irina egiteko erabiltzeaz gain, elektrizitatea sortzeko ere prestatu zuten. Gaur egun martxan jarraitzen du.

Era berean, Ihabarreko zentrala ere martxan dago. 1917tik aurrera, Electra Errota izenarekin agertzen da agirietan, zalantzarik gabe, iringintzari lotutako antzinako asmamen baten gainean eraiki zelako.