ONDAERA
Egiarreta
Andra Mariaren Parrokia XIII. mendearen hasieran eraiki zen gotiko goiztiar estiloan, eta XVII. mendearen erdialdean, eraikinean aldaketa batzuk egin ziren. Elementurik interesgarriena erretaula plateresko bikaina da, 1540 eta 1553 artean eraikia eta San Pedrori eskainia. 1909an zaharberritu zuten. Juan de Landak eskulturak zizelkatu eta Ramon de Oscarizek margotu zituen. Bataiarria ere nabarmentzeko modukoa da.
Itxasperriko Santiago baseliza XIII. mendeko erromaniko berantiarra da. Hegoaldeko fatxadan portada nagusia dago, naturako elementuez apaindurik (palmondoak eta saskiak). Hormapikoko fatxadan, beste ate bat dago, askoz xumeagoa. Zirkuluerdiko arkua du, eta arrosa-leiho eder batez koroatuta dago.