ONDAREA
Hiriberri
Hiriberrik hiribilduaren kategoria historikoa du, eta haraneko gainerako herriak, berriz, tokiak ziren. Ziur aski horregatik nabarmentzen da Hiriberri, oso arkitektura zibil interesgarria duelako; izan ere, jauregi erako etxetzar handiak ditu, XVII eta XVIII. mendeetakoak, horietako asko armarridunak. Horrela, etxe hauek dira aipagarrienak: Sanjuanitena, Franceserena, (Martinbarrika), Alfaro…
Antza denez, gaur egungo Berastegiko Andra Mariaren ermita izen bereko herri hustuko parrokia izan zen garai batean.
Nekazaritza giroko tenplu gotikoa da, oso xumea. Ermitarako bidean, Arakil ibaia zeharkatzen duen zubi erromaniko bat dago.
Hiriberriko San Martin parrokian, Berastegiko Birjinari eskainitako erretaula bat dago.
Portadako kapiteletan, arkupe batzuk zizelkatuta daude, zakarrak baina aldi berean interesgarriak direnak, eta arkuaren giltzarrian, Krismoi bat.