HISTORIA
Historia eta geografia

Arakil lokatiboa X. mendetik aurrera agertzen da dokumentuetan. Hasiera batean, Arakil ibarra honako herri hauek osatzen zuten: Aizkorbe, Ekai, Etxarren, Etxeberri, Egiarreta, Erroz, Hiriberri, Uharte, Ihabar, Irañeta, Irurtzun, Izurdiaga, Murgindueta, Satrustegi, Urritzola eta Zuhatzu, baita azken mendeetan hutsik geratu diren makina bat herrixka ere.

Errege-herriak izan baziren ere, hori ez zen oztopo izan Erdi Aroan erlijio-erakunde boteretsuek Arakilgo hainbat herritan ondasunak izateko; izan ere, Iruñeko katedralak, Jerusalemgo San Joanen ordenak, Aralarko San Migelen santutegiak eta Leire, Irantzu, Orreaga eta Iratxeko monasterioek jabetzak izan zituzten Egiarretan, Ekain, Zuhatzun, Etxarrenen, Hiriberrin eta beste hainbatetan.

Dirudienez, XIII. mendea hazkunde ekonomiko handiko mendea izan zen Arakilgo haranarentzat, kontuan hartzen badugu bailaran eraikitako tenplu gehienak mende horren lehen erdian eraiki zirela. XVIII. mendearen bigarren erdia ere oparotasun ekonomikoko garaia izango zen, garai hartan bailarako etxe interesgarrienetako asko eraiki edo zaharberritu baitziren, fatxadetako inskripzio askok erakusten dutenez.

XIII. eta XIV. mendeetan, erregeak hiribilduak sortzen saiatu ziren. Horretarako, herrixketako biztanleak militarrek babestutako herrietan bildu zituzten, eta estatutu juridiko pribilegiatuak eta propioak eman zizkieten. 1355ean, Carlos II.a erregeak Uharteko (gaur egun Uharte Arakil) hiribildu frankoa sortzea agindu zuen, eta hamabi herrixketako biztanleak bertara joatera behartu zituen. Horretarako, etxeak eraitsi zituen indar-neurri gisa, eta Arakil haraneko jurisdikziotik kanpo utzi zuen Uharte.
XVIII. mendearen hasieran, hainbat herrik ibarretik bereizteko ahaleginak egin zituzten. 1731n, Egiarreta, Etxarren, Ekai eta Zuhatzu herriek haranetik bereizteko eskubidea erosi zuten, baina ibarrak auzitan jardun eta, 1737an, herri horiek bere baitara itzultzea lortu zuen. Hala ere, 1734an, Irañetak Hiribildu titulua eskuratu zuen, eta Arakil haranetik kanpo geratu zen.
XX. mendearen erdialdean, Murgindueta despopulatuta zegoen, eta harana hamahiru kontzejuk osatzen zuten. Itsasperri zen hiriburua, eta udalak bertako baselizan egiten zituen bilerak, nahiz eta Hiriberrin ere bulegoak bazeuden. Garai hartan, demografia- eta ekoizpen-ordenan barne-desoreka handia sortu zen. Irurtzun, bere kokapen estrategikoaz eta bere ganadu-azoka ospetsuak eragiten zuen tiraldi ekonomikoaz baliatuz, industriak erakartzen hasi zen eta, ondorioz, bertako populazioa nabarmen handitu zen. Gainerako kontzejuetan, aldiz, hazkundea eten edo moteldu egin zen. 1973an Irurtzunek ibarreko hiriburua izatea eskatu zuen, eta 1978an lortu zuen. 1988an, Irurtzunen udaletxe berria eraiki zen, eta kontzejuaren eta haranaren lokalak bertan jarri ziren. 1996an, Irurtzunek independizatzea lortu zuen eta bi udalerriek, Arakilek eta Irurtzunek, eraikina erdibanatu zuten.

Gaur egun, beraz, hamabi entitatek osatzen dute Arakil: Aizkorbe eta gainerako hamaika kontzejuak.
Azpimarratu behar da Arakil ohiko komunikazio-bide garrantzitsu batek zeharkatzen duela alderik alde: erromatar galtzada zaharra, XXXIV zenbakiduna, Astorgatik Bordelera zihoana. Argi dago, beraz, Arakil igarobidea izan dela beti, urteetan merkatariek eta mandazainek euren negozioetarako erabiltzen zutena.

Tradizionalki, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea izan da Arakilgo sektore ekonomiko nagusia. Azaleraren ia % 80 basoa da. XX. mendera arte, banaketa nahiko orekatua zegoen laboreen (zerealak, mahastiak) eta belardien artean, baina mende honetan belardiak izugarri hazi dira, lehenengoen kaltetan.

Azken hamarkadetan erabat nagusitu da behi- eta txerri-azienda intentsiboa eta ukuiluratua hazteko eredua.